Etxauzia, 1000 urteko historia 1/2

Etxauziako gaztelua Baigorriko historiaren lekuko premiatsu bat da, Nafarroa eta Euskal Herri osokoarena bezala.

« Etxauz » izenaren erranahia (batzutan Echaoz, beste batzutan Echauz, edo Echautz idatzirik ikusten dena Erdi Aroan) eztabaidagai da gaurregun oraino adituen artean. J.B. Orpustan historialari ta hizkuntzalariarentzat, bi hitzek dute osatzen : «etxe» eta « auz » edo «autz» (arroka edo harkaitza). Horren arabera, «Etxauz» arroka gaineko etxea litzateke. Beste batzuentzat, «Etxauzia» «etxe» eta «auzia» hitzek dute osatzen, eta «Etxauzia» auzietako etxea edo epaitegia litzateke. Beste batzuentzat oraino, «etxe» eta «arotza» hitzek osa lezakete, «Etxauzia» arotzaren etxea bilakaraziz, edo «etxe» eta «luze» hitzek, «Etxauzia» etxe luzea eginaraziz…

Dena den, gaurregungo gaztelua kokatua den gune hortan berean da Baigorriko bizkondeen egoitza kokatu XI. mendeaz geroztik, zortzi mendez (1033-tik 1830-erat). Herriaren gainekaldean, erdiaroko bere bi izkinetako dorreekilan (XII. mendekoak ?) eta aro modernoko beste bi dorretxoekilan (XVII. mendetakoak ?), laukizuzen bat iduri, harkaitz muino baten gainean (hastapeneko erdi aroan gizakiek landu muinoa ?) da eraikia. Jauregiaren alde zaharrenak XI. mende bururapenekoak edo XII. mende hastapenekoak dira, bainan gaztelu gehiena berreraikia izan da XVI. mende ondarrean eta barnea berrantolatua XVII, XVIII eta XIX mendeetan. Baliteke jatorrian, gaztelua zurez eraikia izaitea. Arkeologi miaketek edo indusketek zerbait gehiago erakasten ahal liguketela ez da dudarik…

Jaurgaineko Joanes historialariak dionaz (1898-ko « La Vasconie » liburuan), Santxo III, Iruñeko erregeak (1004-1035) Baigorriko Ibarra, hameka hauzoko lurraldea, bere hurbileko jauntto bati eskaini zion, zain dezan, bizkonde izendatuz. Gartzia Otsoa zuen izena, garai hartan Gorteko botilleroa eta Bizkaiako kondearen anaia. Baigorriko bizkondeak Nafarroako Erregeen hurbilekoak eta ahaideak dira, XI. mendeaz geroztik gorteko partaide, ta baita ere erregeen armadetako aitzindari edota gotorlekuetako zaindari edo merindadetako buru bezala ezagunak. XIV. mende erditsutik Baigorriko bizkondeek « Etxauz » izena hartzen dute, erran nahi baita beren egoitza nagusia edo jauregi nausiarena. Iruñeko artxibategietan atxemaiten ditugu izen horren lehen idazkiak, 1350ekoak, « Maria d’Echaoz » bizkondearen alaba bezala aipatzen dutelarik, eta « Miguel d’Etchaoz », ezkutari eta seguraz ere bizkondearen seme, Nafarroako errege zen Karlos II lagundu zuena Normandian, 1364-a artio, guduan erahila izan zen arte.

Etxauz-tiarren dinastiak bere ospe garaiak, XIV. mende ondarrean eta XV. hastapenean ditu ezagutzen, Semen Gartzia, Baigorriko 14 garren bizkondearekin. 1371-ean, Etxauz-eko jauna Rocaforte, Isturitzen den erregeren gotorlekuaren alkaide edo buru izendatua da, Akitaniako Lapurdiko mugak zaintzeko. 1389-an, zaldun egina da Karlos III erregearen eskutik eta 1390-ean erregeren koroatzean partehartzen du. Haren semea, Joanes, 1413-an, Jerusalemeko Jondoni Joanes-en ordenako zaldun egina da. Lizarrako merindadearentzat, « Merino Maior » izendatua da eta 1398-an Oliteko errege gazteluan ospatuak diren bere ezteietan, Karlos III-ak zezenketa bat eskaintzen dio eta 725 “urtxintx larru”.

1512 eta 1527 artean, Etxauzeko Grazian Agramonteen leinuari lotua da eta Nafarroaren independentzia defenditzen du, legezko errege diren Labriteko Joanes eta Biarno-Foix ko Kattalin-en alde. Nafarroa menperatua izan ondoan, Etxauz-tiarrek, Labrit dinastiari leial egonik, partehartzen dute Pirene iparraldearen askapenean eta 1527-tik aitzina Baxenabarre bilakatuko den lurraldean Nafarroako erresuma ttipiaren berrantolaketan. Erresuma hortako jaun haundienetarik izanen dira Etxauztiarrak, eta Agramonte, Lukuze eta beste jaun haundien heinean Nafarroako Estatuetan beren aulkia ukanen dute.

Gazteluak erlisione gerla garaian makur zerbait pairatu ote du ? Etxauzeko Antonio, Grazian-en semea, katolikoen ligan engaiatua izana gatik Labriteko Joana erreginaren kontra, protestanten indarrek gaztelua erre ote zuten ? Hortaz ez da deus atxemaiten artxibategietan. Haatik, badakigu gaztelua berreraikia izan dela XVI. mende ondarrean eta XVII.mende hastapenean. Etxauzeko Beltran, Antonio bizkondearen seme gazteena, Baionako apezpiku izaiten da 1599 eta 1617 artean, eta ondotik, Tours-eko artxapezpiku 1641-ean hil artio. Denbora berean, Henrike IV frantziako errege eta Luis XIII.aren omonier edo apez aholkulari izanen da. XVI. mende ondarrean bere anaiari idazten dion gutuna biziki interesgarria da, osoki euskaraz idatzia baita.

  1. mende hastapenetan, bizkonde titulu ta gaztelua Kaskoin herriko Saint-Martin familiaren esku gelditzen da, ta 1750 inguruan, Lapurdiko Senpere herriko Caupenne d’Amou-koen eskutan. Marthe Madeleine de Saint-Martin bizkondesak, Henry Caupenne d’Amourekin esposatua, sekulako auziak abiatuko ditu Baigorriarren kontra XVIII. mende bururatzean, Etxauztiarrek sekulan ukan ez dituzten eskubide batzu eskuratu nahian, Baigorri Ibarrekoen asaldatzeak sustatuz… Bainan XIV ta XVI.mendeetako ospeak urrun gelditu dira, Etxauztiarrek amor eman beharko dute ta bizi molde xumeago bati ohitu beharko.

Segida laster…

Leave a Reply