1795-eko urtarrilaren 23-an, Jeanne-Marie Marguerite Caupenne d’Amou, titulu ta gazteluaren oinordekoa, Jean Harispe, Donosteiko (Baigorri Ibarreko Auzo haudiena) saltzaile baten semearekin ezkontzen da. Bainan bikoteak ez du haurrik eta bizkondeen dinastia hortan itzaltzen da, Jeanne-Marie Marguerite, Etxauziako azken damarekin, 1832-ko otsailaren 10-ean.
Harispe, Konbentzione gerletako garaian frantses armadetako kapitaina, « euskaldun xazurren » armada batasunaren sortzailea da. 1793 eta 1794-an espainolen inbasionea gibelarazten dute Baigorri aldeko mendietan, ta bereziki Arrolako mendian izan den guduan. Armadako buruzagi gaztearen fama haundituz joanen da eta ondotik bere ibilbide militarra segituko du bere euskaldun xazurrak gabe, Napoleonen kanpainetan partehartuz. Inperioko kondea egina izanen da eta Frantziako marexala Bigarren Inperio garaian (1851-an). Haatik, ez da Etxauziako gazteluan bizi den bere emaztearekin egoiten. Berak nahiago du erosi duen Lakarrako gaztelua. 1848-an, Jeanne-Marie Marguerite-en ilobak Etxauzia gaztelua euskaldun irlandesa den Arrasteko Abadiatiarren familiari saltzen dio.
Charles d’Abbadie d’Arrast gazteluan bizi da bere heriotzeraino, 1901-eko abendoan. Etxauzia familia berean geldizen da eta Charles-en semeatxia den Harry maiz jiten da gaztelura. Estatu batuetako Hollywood-en ari da lanean. Lehenik, Charlie Chaplin-en laguntzaile bezala ari da eta gero filma egile bezala ta gidoilari 1920-1930 urteetan. D’Abbadie d’Arrast eta Chaplin hiru aldiz heldu dira Etxauziarat (1925, 1926 eta 1931-an).
1940 eta 1944 artean, Alemanen armadak okupatzen du eta bere kuartel nagusi bezala erabiltzen. Gazteluan bizi diren soldadoek (Alpes-etako Austrianoak, menditarrak, mugaren zaintzera etorriak mendi pasaien debekatzeko) teilatu azpietako hormetan utzi dituzte alemanez idatzi ta marrazki batzu (gaurregun oraino ikus daitezkenak). 2008-an, soldado horietako semeatxi batek Etxauziako jabeei eskaini die garai hartako argazki batzu, Etxauziakoak ta baita ere Baigorrikoak. Gerla bururatzean, nahiz eta beti d’Abbadie d’Arrast-en esku izan, Gaztelua hutsik gelditzen da. Harry 1968-an hil da. 1976-ean, Eleanor Boardman, Harry d’abbadie d’Arrasten alarguntsak gaztelua saltzen du.
Ondoko urteak zailak izanen dira. Gaztelua bere lurretarik berexia da eta berritz saldua. Bipildua da eta xehatua (jabe berriek altxor bat atxeman nahiz, Karlo haundiarena edo Tenplearioena) ta azkenean bazterrerat utzia 1994-a artio. Proietu desberdinak aitzinikusiak dira bainan baño ere ez burutua, diru edo sustengu eskasez. Halere, 1989-eko abendoaren 21ean, « monumentu historikoen » zerrendan izendatua da. Estatuko zerbitzuak, gazteluaren suntsiketaz ohartuak, zerbaiten egitera abiatzen dira, nahiz eta gutiengoa izan. 1994-ean, Baionako bikote batek, Pierné senar-emazteek, Etxauzia erosten dute, osoki arraberritzen eta mubletzen. Berritze lan guzi horientzat sariztatuak izanen dira 1997-an : « Vieilles maison françaises » sari haundi nazionala eskuratuko dute Pierné senar-emazteek. Etxauzia Ostatu etxe bilakatzen da : 7 ganbara antolatuak dira gaika, ezkontzak, gomit besta haundiak, ospakizunak antolatzeko toki bat.
2003-ko abendoan, Pierné bikoteak gaztelua saltzen dio Azrani bikoteari, Miamiko dirudun bat eta bere emaztea, Jatorriz Erratzukoa, Baigorri ondoko auzo ibarrekoa. Azranitiarrak dira oraiko jabeak, eta gaztelua udako egoitza bezala baliatzen dute, artetan idekiz bisita batzuentzat edo ikastoletako besta batzuentzat edo gauazko merkatuentzat.