Kostaldearen eta enpresa handien indarraren aitzinean, Iparraldeko barnekaldeko ekonomiak indartzeko beharra du. Etxauzia, tokiko ekonomia sustatzeko zentroa izanen da, eta bertako enpresa eta kooperatiben bilgune. Euskal Herri barnekaldeko lantegien elkartea, jadanik sortzen ari girena, hor kokatuko da. Enpresen arteko elkartasuna eraiki, tokiko garapena bultzatu, interes kolektiboen defentsan aritu, euskararen erabilera lantegietan sustatu eta Euskal Herri osoko egitura ekonomikoekin saretuko da lantegi elkartea.
Kultur zentroa ere izanen da Etxauzia, Euskal Herrian ditugun beste kulturgune handi eta ekimenekin saretuko dena eta sormen nahiz emanaldi mailan erreferentea izanen dena. Barnekaldean arte garaikidearentzat, sormen berritzailearentzat eta, oro har, kulturaren munduaren egunerokotasuna jarraitzeko aukera eskainiko duen gunea izanen da. Gainera, Baigorrialdeak, erreferentziazko leku bat behar du euskara eta kulturarentzat. Sarri baztertua den gure kulturari, prestigio soziala emanen diona, eta euskal sorkuntzari, plaza berri bat, biziki eskualdun mantentzen den eskualdean.
Gure iraganaren lekuko izan diren gazteluko horma zaharrek, hura azaltzeko gune bat aterbetuko dute orain. Ondarearen interpretazio zentro bat izanen da; Baigorriko ibarretik Nafarroako erresuma zaharra esplikatuz.
Etxauzia mundu osoko euskaldunendako bizilekua ere izanen da: diaspora zabala ere gure biziaren parte baita. Euskal Herriko zortzigarren lurraldearen hiriburu izanen da Baigorri, eta, Etxauzia, bere bizitoki, bere Ama Euskal Etxea. Baxenabarre, eta bereziki Baigorrialdea da emigrazio masiboena sofritu duen euskal eskualdea. Euskal Herriko eta munduko euskaldun guzien zerbitxuko lanean ari izanez, Ama lurrera datozen euskaldunentzako aterbe eta harrera leku, eta haien sustraiak ikertzeko