Diru Bilketa: 500.000 euro baietz irailaren 15erako!
Iragarri genuenez, maiatzaren 20an hasi da Etxauziaren aldeko diru bilketa fase berria. Helburu eta data bat jarri dizkiogu fase berri honi: irailaren 15erako 500.000 euro lortzea! Horiekin, babes nahikoa ukanen genuke ondoko faseetan dirua ere biltzeko.
Azken hilabeteak aktibitate handiko hilabeteak izan dira Etxauziarentzat: komunikabideetan eta sare sozialetan lanean aritu gara gure proiektua azaltzen; bilkura asko egin ditugu elkarte, enpresa eta pertsona aunitzekin, saretu eta elkarlanean aritzeko; hiriburu eta herrietan gure proiektuaren aurkezpenak egin ditugu; Donostian, Gasteizen, Bilbon, Durangon, Lasarte-Orian… “Hordago Ardoa” Arno Jastaketa Artistikoa ekitaldia antolatu dugu joan den maiatzaren 13an… Eta, batik bat, gure proiektuari forma ematen aritu gara, edukiz betetzen.
Orain, dirua biltzeko ordua da. Guzion artean Etxauzia gaztelua herritarrei emateko, hori lortzeko, guzion ekarpena beharrezkoa izango zaigu. Bereziki, komunitate honetako kide direnena, Etxauziaren bizilagun direnena.
Eskualdez eskualde, irailaren 15erako erronka jarri dugu: proiektua gauzatzeko 500.000 euro lortzea! Maiatzaren 20tik hasita, heldu den hilabeteetan Euskal Herrian eta diaspora osoan ibiliko gara mezu garbi batekin: eman dirua Etxauziarentzat! Horretarako, dosierrak eta txartelak banatuko ditugu herriz herri dirua biltzeko. Gure helburua bizilagunak egitea da: Etxauzia proiektua sustengatu eta gure komunitatearen parte izango direnak aurkitzea. Herritarrei, elkarteei… Etxauzia euskaldun guziona izan dadin dirua biltzen lagundu nahi duten guziekin ariko gara, elkarrekin.
Web orrialdean ere aldaketa batzuk egiten ari gara, dirua emateko erraztasunak ezarriz. Sarean, dirua ematen dutenak animatzen ditugu #nikereemandut eta #bizilagunak traolak jartzera
Ekimenak proiektuaren alde
Maiatzean hasi eta irailaren 15a arte, hainbat ekimen antolatuko ditugu. Hauek izanen dira horietarik lehenak:
Irantzu Lekue artista Gasteiztarra Baigorrin izanen da maiatzaren 27an eta 28an. Hainbat koadro eginen ditu, neurri handian (2×1 metro) Etxauziaz, mahastiez eta Baigorriz. Horiekin, “Arnasa 01” seriea osatuko du Gasteizeko ARTgia galerian ekainaren 7an estreinatuko dena, eta ondotik Euskal Herrian barna ibiliko dena. Irantzu Lekuek karrikan, guzien aitzinean egiten ditu bere koadroak, eta nola lan egiten duen zuzenean ikusteko parada ukanen dugu.
“Etxauzia Eguna” eginen dugu Iruñean, ekainaren 14an, gure proiektua aurkeztu eta hangoen sustengua lortzeko. 19:00etan Katakraken izanen da aurkezpena eta ekitaldia.
Bernardo Atxaga ere Baigorrin izanen dugu. Ekainaren 17an jinen da egun zonbait hemen pasatzera, Etxauziaren aldeko ekimen berezi bat abiatzeko: “Axularren izpiritua” izenarekin, euskal sortzaile ezagunek idazlan-kate bat eginen dute, Etxauziaren eta bidean sortzen zaizkien beste hainbat gaien inguruan.
Etxauzia Kalifornian
Etxauziako Diaspora taldeak antolaturik, datorren maiatzaren 27tik ekainaren 5era, Etxauziako kideak izanen dira Kalifornian. Bakersfieldeko festibalean, Petaluman eta San Frantziskoko Euskal Etxean izanen dira, besteak beste, Etxauzia proiektua zabaltzen. Etxauziak munduko Euskal Etxe guzien ama izan nahi du eta horretarako harremanak eginen ditu bertan bizi diren euskal diasporako kideekin.
AVIVA fabrikaren lehiaketan, Etxauzia finalista!
Guzion lanari esker, AVIVAren finalistetako bat da Etxauzia! https://lafabrique-france.aviva.com/voting/projet/vue/17-1069 5.000 bozka baino gehiago lortu ditugu! Aurkeztuak izan diren 2.000 proiektuetatik 50 finalisten artean gara, beraz, eta orain epaileen erabakiaren zain gaude. Zorionak dener!