Line Pierné, Etxauz arraberritu zuena 1994-1996 artean, zendu da joan den maiatzaren 16an. Mixel Oronos Baigorriarra oroitzen da:
“Line Pierné ezagutu dut lehen aldikotz Baigorrirat jin zelarik. Mezatik landa elizatik atera nintzalarik, plazan ikusi nuen jende oste bat, jantzi xuri gorrietan. Nor ote ziren ? Turista folklorisatu batzu ? Egia erran auto-rallye baten egiten ari ziren. Andere bat hurbildu zitzautan xehetasunak nahi zituela elizaz, Baigorriko historiaz. Nik zubiraino ereman nuen eta hortik aipatu eta erakutsi nakon Etxauzko teilatua doi doia ageri arbolen artetik. 1994an buruilaren 25ean ginen. Preseski senar emaztek jauregi bat xekatzen zuten aspaldiko Historia batekin lotua. Hola eta hor hasi zen Etxauzko historio berria. Ondoko igande batez, azaroaren 20an gure etxerat gomitatu ginituen Line eta Robert, eta bazkalduta bisitatu ginuen jauregi miserable hori, gela guzietan pasatu ginen, kasu eginez, gauaz, lanpelektrika batekin plastre, zimenta, zur, burdin metak gainetik pasatuz, murruak, zolak, teilatuak zilatuak, hondamen bat, urteen, sasoinen bainan ez bakarrik basaki erabilia. Holako desastrea ikusirik ez zen Line etsitu. Erosi zuten, lanak hasi ziren, Betti Kuxkurriok, Peio Curutcharryk eta beste zonbaitek kondatzen ahal lukete zer trenpean ari izan ziren, hoinbeste enpresa, 30 bat, nahi baitzuten jabe berriek herriko ofizialek berriz altxa zezaten eraikuntza historiko hori. Camino apez nausiak benedikatu zuen 1996eko azaroaren 10rean. Herriko koralaren kantuek eta Emile Larren eta Jean-Louis Lakaren bertsuek edertuz estrenatze egun hori. Beste bizi bat hasi zuen jauregiak, bisita, besta, kontzertu, eztei, erakusketa eta beste biltzar mota guziek ospatzen zutela Etxauzia eta hunen fama banatzen zela Euskal Herri guzian eta aise hurrunago. Historio luze hori, kasik leienda edo ipuin bezalakoa, xeheki kondatu dut La noce basque, Lur-mina, 3.tomuan. Memorioa paperrean atxiki nahi nuen, balio baitzuen, bainan gehiago ene bihotzean daukat Line eta Robert Piernék idatzi Etxauzko abentura.”